XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berri triste bat adierazi beharrean naukazue, eta ziur nago hiri honetan eragin duen hunkimendu triste bera egingo diela irakurleei. Bada Donostian poeta guztiz herrikoi bat: bertako semea, ikasketez urri, baina argitasun harrigarrikoa, irudimen bizi eta oparokoa, suhar eta sentimendu goi eta garbiz beteriko bihotzekoa; poeta hau Ossian antzeko bat duzue probintzia hauetan; bere kantak, askatasunaren kontzepturik nobleenean oinarrituak, ahoz aho dabiltza hala ondra nazionalaren defendatzaileetan nola dama aristokratikoaren gelan errezitatuak edo baserrian, mendian, mendeetako zuhaitzaren gerizpean eta ohiko dultzainaren doinuan.

Poeta honek, guztiek ezagutua, guztiek gurtua, ez zuen inoiz gaztelaniazko bertsorik egin; bere aberriaren dialektoaz maitemindua, Lamas Carvajal eta Serafí Pitarra bezala, bere konposizioak euskaraz dira asmatuak eta idatziak; haienak bezala, poesia bakoitza pitxi bat da idatziak dauden hizkeraren edertasunak dastatzen dakitenen guztientzat; guztientzat esan dut, eta oker nago: beraiek ez dute konprenitzen idazten dutenaren balioa.

Horregatik ez zituen bere lanak bildu orain ari naizen poetak.

Arima pribilejiatua, zauritzen duen lehen argi printzan hartzen du ideiaren hazia, eta pentsamenduak arte bilakatzeko behar duen beste trantsiziorik gabe, hunkitu eta sortu egiten du. Entzuten duen oro harritu eta liluratu egiten duen sorkuntza hau, bera ez beste edonorentzat da.

Denek gordetzen dute belarrian edo oroimenean zerbait hartatik, bere aitak izan ezik. Eta batzuetan bi gizonezkok entzuten dituzte karrika huts batean piano baten akordeak, zortziko baten armonia kadentearen sugean.

- Entzun duk? -galdetzen du batek.

- Zeinen ederra den kantu hori!

- Eta nik ezin egin halakorik!

- Ba kantu hori heurea duk...

Eta hala da gainera. Baina, ba ote daki zuztarrak bereak dituela gu zoratzen gaituen lorearen lurrinak? Baleki, menturaz, harroturik, gure ezpainak ukitzeraino haziko zatekeen, kentzeko.

Baina ikusten ari naiz luzean dihardudala agindutako berriaren jabe egiten ez zaituztedala.